2014(e)ko abenduaren 29(a), astelehena

Olentzeroa badator!



Gabonetan gaudela aprobetxatuz eta Olentzeroaren magia atsegin dudanez, hona hemen Olentzeroaren ipuin bitxi hau. Beti bezala, ipuina hartu dudan webgunea kontsultatu nahi baduzue esteka uzten dizuet.
http://www.ikas.org/baliabideak/Olentzero-ipuina-entzungai-batuaz,722.html


Ikazkina bakarrik bizi zen mendi aldean eta oihanetik hurbil,
egurra behar baitzuen ikatzaren egiteko. 

Goizetik arrats ikatza eskuetan erabiltzearen bortxaz,
aurpegia eta eskuak beltz-beltzak zituen.
  
Negu hartan, etxean, akitua eta doi bat triste sentitzen zelako,
herrira joatea deliberatu zuen ikazkinak. Gaua zen jada. 

Herrira heltzean, ostatu bat irekia zitekeela pentsatu zuen,
argiak pizturik ikusi baitzituen.
  
Atea ez zen arras hetsia eta ausartu zen sartzera, baina
segidan ohartu zen bere ustekabeko bisitak giro bitxia
sortu zuela ostatu hartan.
Alabaina, bat-batean denak gelditu ziren jatetik eta burua
hari buruz altxatu zuten.
Beldurtuak ziren.
Begien aitzinean, gizon zikin eta ezezagun bat zuten.
Basajauna bezalako gizon bat.
  
Jatetxe zokoko mahai libro batean jarri zen eta salda bero bat
manatu zuen.
Bere inguruan, marmarka entzuten zituen herritarrak.
Gehiagokorik pentsatu gabe, jaten hasi zen.

Bat-batean, herritar bat zutitu zen eta ikazkinarengana hurbildu ;
beste herritar multzo batekin, inguratu zuten.
Buruzagi itxura zuenak ostatutik jalgitzeko galdegin zion ikazkinari,
herrian ez zutela gizon zikinik onartzeko gogoa erranez.

Ikazkinak, nahi ala ez, ongi ulertu zuen herritarrek ez zutela haren
presentziarik nahi.
Orduan, lagun bakarra zuen astoarekin, etxeko bidea berriz hartu
zuen.

Bidean, ikaztegiak ikusten zituen, berak eraikiak,
ikatzaren egiteko.

Ikaztegien ondotik iragan eta, etxera hurbildu zen, triste,
herritik kanporatu baitzuten.

Etxean sartu zelarik, supazterreko zizeiluan jarri zen, sua berriz
piztuko zenetz gogoetatuz.
Tximinian gelditzen zen ikatzari begira zegoen, bere bisaia eta
eskuak bezala ilun zela pentsatuz.
Ikatza beltza zen, neguko gauak diren bezala.

Ikazkina bere gogoetetan galdua zela, bat-batean haizea
tximiniatik etxean sartu zen.
Ikatz biziaren gainera ufatuz, sua berriz piztu zuen.
Orduan sua tximinian dantzan hasi zen, ikazkina argituz
eta berotuz.

Haizearen ufakoak ikazkina alaitu zuen.
Haizeak, ikazkinari zerbait ulertarazi zion.

Ikazkinak konprenitu zuen orduan negua bezala, ikatza beltza zela,
baina ikatz biziaren gainera ufatuz, argia eta berotasuna berriz heldu
zirela.
Orduan, negu beltzaren ondotik, uda berriz etorriko zela ulertu zuen.
Eta udarekin batean, eguzkia, argia eta beroa.

Berri onaren emateko, ikazkina laster joan zen bere astoarekin
herritarrengana.

Herrira heltzean, ohartu zen jendea etxean zela, ahal bezain beroki.
Ate guzietan jo eta jo ari izan zen, denen iratzartzeko.

Lehenik haurrak ziren etxetik ateratzera menturatu.
Ondotik, burasoak eta jende zaharrak.
Denak herriko plazara joan ziren, ikazkinak zer zioen entzutera.

Artean, ikazkina su handi baten pizten hasi zen.
Herritar guziak inguruan ukan zituelarik, haizeak ulertarazi zion
mezuaren kontatzen hasi zen.
“Begira ezazue“, erran zien, “eskuetan ikatz beltza badut, neguan
gauak diren bezala.
Baina ikatz horri esker, sua berriz pizten ahal dugu, bazterren
argitzeko eta berotzeko.
Sua berriz pizten ahal den bezala, negutik landa berriz heldu da uda.
Eta udarekin batean, eguzkia, haren argia eta beroa.
Hemendik aitzina, ez dugu gehiago neguaren beldur izan behar,
baitakigu haren ondotik argia eta aro beroa itzuliko direla.“

Hitz horien entzuteak herritar guziak lasaitu zituen.
Denak dantzan eta kantuz hasi ziren, argia berriz etorriko zela
pentsatuz.

Egun hartaz geroztik, ikazkinak mendian bizitzen segitzen du,
oihan ondoan.
Baina urte guziez, negu beltzean, herritarrengana badoa ikatzaren
ekartzera.
Ikatza banatzen du, herritarrei oroitarazteko negutik landa,
uda itzuliko dela.


Eta udarekin batean, eguzkia, argia eta beroa.


Olentzeroaren lehenengo urratsak ezagutu ondoren eta ikatza ez dela uste dugun bezain txarra ikusita, espero dut egun hauetan ondo pasatzea eta urte hasiera ezin hobea izatea! Eta ez ahaztu... ez utzi inoiz magian sinisteari!







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina