Ipuinek, heziketarako baliabide ezin hobea eskaintzen
digute. Ipuinen bidez, umeen mundu sinbolikoa osatzen joaten da eta beraien
irudimena eta errealitatearen hurbilketa lantzen dute.
Umeen literaturaren bidez, jendarteak bere burua nola
ikusten duen jakin ahal dugu, nagusiek umeentzako zer nolako mundua nahi duten
islatzen baita. Zentzu honetan gaur egungo ipuinetan umeei zuzenean egokitzen
zaizkien arazoak agertzen badira ere (gurasoen banaketak, adopzioak, sexu
bereko gurasoak…) oraindik, idazten diren ipuin askotan estereotipo eta rol
tradizionalak agertzen dira. Errepikatzen diren eredu sexista horietan
erreparatu ezean, umeei mundua ulertzeko bidezkoa ez den modu bat bidaliko
diegu, umeek jolasten kopiatzen dituzten paperak, ematen dituzten erantzunak
edo mundua ulertzeko sortzen dituzten azalpen asko ipuinetatik hartzen
baitituzte.
Ipuinek, neska-mutilei paper sexualen transmisiorako
funtzioa ere arrakasta handiz betetzen dute. Sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun
eta portaera batzuk markatuko dituzte. Ipuinetan, mutilak aktiboak, azkarrak,
trebeak eta dinamikoak izango dira, neskak berriz, pasiboak, garbiak, ederrak,
atseginak eta lasaiak. Ipuinetan agertzen diren emakume eta gizonen irudi
estereotipatuak neskentzako eta mutilentzako ereduak markatzen dituzte,
simetria adierazteko sexu bati markatzen zaizkion ezaugarriak besteari kentzen
zaizkio.
http://www.leanoticias.com/2014/03/04/adios-hombres-las-princesas-de-disney-se-cansaron-video-tienes-que-verlo/
http://laesenciadedisney.mforos.com/1888434/10520686-disney-princes-principes-disney/?pag=13
http://album.enfemenino.com/album/see_636641_10/Arte-de-Disney.html
Hau guztia dela eta, ipuinek euskarri hezitzaile
bezala duten garrantzia azpimarratu nahi dut. Ipuinak ez dira neutroak inondik
inora, mezuetan, pertsonaietan edota irudi bakoitzaren barruan, munduaren
interpretazioa zabaltzen ari dira. Jendarte bidezkoago nahi badugu, gure
txikitxoek irakurtzen dutena aztertzea premiazkoa da.