2014(e)ko abenduaren 29(a), astelehena

Olentzeroa badator!



Gabonetan gaudela aprobetxatuz eta Olentzeroaren magia atsegin dudanez, hona hemen Olentzeroaren ipuin bitxi hau. Beti bezala, ipuina hartu dudan webgunea kontsultatu nahi baduzue esteka uzten dizuet.
http://www.ikas.org/baliabideak/Olentzero-ipuina-entzungai-batuaz,722.html


Ikazkina bakarrik bizi zen mendi aldean eta oihanetik hurbil,
egurra behar baitzuen ikatzaren egiteko. 

Goizetik arrats ikatza eskuetan erabiltzearen bortxaz,
aurpegia eta eskuak beltz-beltzak zituen.
  
Negu hartan, etxean, akitua eta doi bat triste sentitzen zelako,
herrira joatea deliberatu zuen ikazkinak. Gaua zen jada. 

Herrira heltzean, ostatu bat irekia zitekeela pentsatu zuen,
argiak pizturik ikusi baitzituen.
  
Atea ez zen arras hetsia eta ausartu zen sartzera, baina
segidan ohartu zen bere ustekabeko bisitak giro bitxia
sortu zuela ostatu hartan.
Alabaina, bat-batean denak gelditu ziren jatetik eta burua
hari buruz altxatu zuten.
Beldurtuak ziren.
Begien aitzinean, gizon zikin eta ezezagun bat zuten.
Basajauna bezalako gizon bat.
  
Jatetxe zokoko mahai libro batean jarri zen eta salda bero bat
manatu zuen.
Bere inguruan, marmarka entzuten zituen herritarrak.
Gehiagokorik pentsatu gabe, jaten hasi zen.

Bat-batean, herritar bat zutitu zen eta ikazkinarengana hurbildu ;
beste herritar multzo batekin, inguratu zuten.
Buruzagi itxura zuenak ostatutik jalgitzeko galdegin zion ikazkinari,
herrian ez zutela gizon zikinik onartzeko gogoa erranez.

Ikazkinak, nahi ala ez, ongi ulertu zuen herritarrek ez zutela haren
presentziarik nahi.
Orduan, lagun bakarra zuen astoarekin, etxeko bidea berriz hartu
zuen.

Bidean, ikaztegiak ikusten zituen, berak eraikiak,
ikatzaren egiteko.

Ikaztegien ondotik iragan eta, etxera hurbildu zen, triste,
herritik kanporatu baitzuten.

Etxean sartu zelarik, supazterreko zizeiluan jarri zen, sua berriz
piztuko zenetz gogoetatuz.
Tximinian gelditzen zen ikatzari begira zegoen, bere bisaia eta
eskuak bezala ilun zela pentsatuz.
Ikatza beltza zen, neguko gauak diren bezala.

Ikazkina bere gogoetetan galdua zela, bat-batean haizea
tximiniatik etxean sartu zen.
Ikatz biziaren gainera ufatuz, sua berriz piztu zuen.
Orduan sua tximinian dantzan hasi zen, ikazkina argituz
eta berotuz.

Haizearen ufakoak ikazkina alaitu zuen.
Haizeak, ikazkinari zerbait ulertarazi zion.

Ikazkinak konprenitu zuen orduan negua bezala, ikatza beltza zela,
baina ikatz biziaren gainera ufatuz, argia eta berotasuna berriz heldu
zirela.
Orduan, negu beltzaren ondotik, uda berriz etorriko zela ulertu zuen.
Eta udarekin batean, eguzkia, argia eta beroa.

Berri onaren emateko, ikazkina laster joan zen bere astoarekin
herritarrengana.

Herrira heltzean, ohartu zen jendea etxean zela, ahal bezain beroki.
Ate guzietan jo eta jo ari izan zen, denen iratzartzeko.

Lehenik haurrak ziren etxetik ateratzera menturatu.
Ondotik, burasoak eta jende zaharrak.
Denak herriko plazara joan ziren, ikazkinak zer zioen entzutera.

Artean, ikazkina su handi baten pizten hasi zen.
Herritar guziak inguruan ukan zituelarik, haizeak ulertarazi zion
mezuaren kontatzen hasi zen.
“Begira ezazue“, erran zien, “eskuetan ikatz beltza badut, neguan
gauak diren bezala.
Baina ikatz horri esker, sua berriz pizten ahal dugu, bazterren
argitzeko eta berotzeko.
Sua berriz pizten ahal den bezala, negutik landa berriz heldu da uda.
Eta udarekin batean, eguzkia, haren argia eta beroa.
Hemendik aitzina, ez dugu gehiago neguaren beldur izan behar,
baitakigu haren ondotik argia eta aro beroa itzuliko direla.“

Hitz horien entzuteak herritar guziak lasaitu zituen.
Denak dantzan eta kantuz hasi ziren, argia berriz etorriko zela
pentsatuz.

Egun hartaz geroztik, ikazkinak mendian bizitzen segitzen du,
oihan ondoan.
Baina urte guziez, negu beltzean, herritarrengana badoa ikatzaren
ekartzera.
Ikatza banatzen du, herritarrei oroitarazteko negutik landa,
uda itzuliko dela.


Eta udarekin batean, eguzkia, argia eta beroa.


Olentzeroaren lehenengo urratsak ezagutu ondoren eta ikatza ez dela uste dugun bezain txarra ikusita, espero dut egun hauetan ondo pasatzea eta urte hasiera ezin hobea izatea! Eta ez ahaztu... ez utzi inoiz magian sinisteari!







2014(e)ko abenduaren 22(a), astelehena

Irudiak haur ipuinetan

Irudiak haur ipuinetan... beti existitu egin dira? Gauza guztiak bezala, hori egitea bururatzen zaion lehenengo pertsona eta lehenengo une bat dago. Ipuinetan irudiak erabiltzearen ideia Jan Amos Comenius (1592-1670) filosofo eta teologoak izan zuen. Haurren ikaskuntzan zeuden zailatasunak eta arazoak ikusita, 1658. urtean idatzitako "Orbis Pictus " liburuan, lehenbiziz irakasten zituen objektuen irudiak ipini zituen.

Momentu horretatik, gauzak asko aldatu dira. Lehen, testua garrantzia zuen eta irudia laguntzeko erabiltzen zen. Orain, ordea, irudiak indarra hartu du eta askotan irudi egokiak eta adierazgarriak badira ez dugu testuaren beharrik istorioa ulertzeko. Irudiak berak, istorioa kontatzen du. Gainera badakigu, haurrentzat, ikusten dena, idatzita dagoena baino askoz erakargarriagoa dela, horregatik, irudiak komunikazio bide garrantzitsua bihurtu dira, batez ere, lehenengo ikasturteetan. Umearen arreta bereganatzeaz gain, ipuinaren mamia ulertzen eta jarraitzen laguntzen dute. 

Hala ere, ezinbestekoa da irudia eta testuaren artean oreka bat mantentzea. Hau lortzeko honako ezaugarri hauek bete behar dira:

- Umearentzako motibagarria izan behar da.
- Umearen irudimenaren estimulatzailea izango da.
- Koloretsuak eta deigarriak izango dira.
- Hitzez azaldu ezin diren kontzeptuak azaltzen lagundu behar digu.
- Umearen adinerako egokiak izango dira.




http://cuentoalavista.com/wp-content/uploads/2014/05/oton-CC-83o_cuentoalavista.jpg


http://cuentoalavista.com/2014/05/tres-cuentos-para-este-tiempo-loco.html

2014(e)ko abenduaren 15(a), astelehena

"Behin bazen"

Aurreko asteko sarreraren ildoa jarraituz, Koldo Amestoy eta Bixente Martinez-en "Behin Bazen" bilduma uzten duzuet. Azpaldiko ipuinak, hitzez eta musikaz berpiztu nahian sortutako bilduma da. Koldo Amestoy, ipuinak kontatzerako orduan hainbat baliabide desberdinetan arreta ipintzen du, intonazio, etenak, abiadura, bolumena... Aurrekoan kontatu nizuen moduan, baliabide hauek, entzuleen arreta bereganatzeko eta mantentzeko ezinbestekoak dira. Zoragarria da ipuin kontalari honek, ze modu egoki eta ederrean erabiltzen dituen erraminta hauek guztiak. Zuen eginbeharrak tarte batez alde batera utzi eta minututxu batzuk hartu hau entzuteko. Benetan pena merezi du. . 


2014(e)ko abenduaren 8(a), astelehena

Nola kontatu ipuin bat

Ipuin bat ondo kontatzea ez da gauza erraza. Ez da gauza bera adineko pertsona bati ipuin bat kontatzea edo 5 urteko ume bati. Eta ez da gauza bera ohean zure semeari ipuin bat kontatzea edo 20 umeko gela batean. Egoera bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu eta gure kontaketa egoerara egokitzen jakin behar dugu.
Suposatuko dugu irakasleak garela eta ipuin bat kontatu nahi dugula. Batzuetan ikasleen arreta mantentzea benetan zaila suertatzen da, eta ez gara konturatzen agian gure errua dela. Intonazioa, etenak, bolumena, hartzen dugun jarrera... kontutan hartzeko aldeak dira. Ondoren, ezinbestekoak diren 12 irizpideen zerrenda uzten dizuet. Espero dut zuentzat baliagarria izatea.

1. Entzuleak prestatu. Kontaketari garrantzia eman, entzuleak prestatu.
2. Eszenatokia antzaldatu eta narratzailearen objektua jantzi.
3. Kontakizunaren tartean haurrak zainduko dituen laguntzailea izan.
4. Ipuinaren luzera 10 edo 15 minutu gehienez.
5. Narratzailearen lehen posizioa: Eszenatokiaren erdian, ikusleria osoari begira,
lasai eta irribarretsu, gorputza orekan (hankak apur bat irekita eta ez guztiz
zuzen) eta sorbaldak lasai.
6. Hasiera: arnasaldi sakona hartuta, intonazio eta enfasi ezberdinarekin
ipuinaren hasiera esan. Ikusleria guztia begiratuz, irribarre lasaiarekin.
Hasiera bat-batekoa, baina kontrolatua izan behar da.
7. Narratzailearen eta pertsonaien ahotsak ezberdindu. Pertsonaiak ezaugarriak
handitu (ona oso ona eta gaiztoa oso gaiztoa: erabili adjektiboak,
konparazioa, fonetika). Kokatu pertsonaiak eszenatokiaren toki ezberdinetan,
horrela eszenatoki guztia erabili beharko dugu. Erabili ahotsa, INPOSTATU.
8. Esandakoa aurkeztu. Keinuekin edo soinuekin objektuak, animaliak,
gertaerak kontakizunera ekarri. Ahotsa baino aurreraxeago aurkeztu irudiak.
9. Geldialdia. Dramatizazioa indartzen du ahotsa eta gorputza gelditzeak.
Ahotsa geldi daiteke: orduan... bat-batean... baina... Aurpegierak gehitu
geldialdiari, edo begiratu ikusleriari.
10. Galderak. Ez egin 3 galdera baino gehiago. 2 umek erantzutea nahiko da
galdera bakoitza, erantzun hirugarrenean.
11. Keinua. Narratzaileak ezin du aurpegiera bera izan, sentimenduak erakutsi
behar ditu.
12. Bukaera indartsua eman. Prestatu entzuleria ipuina bukatzeko.


2014(e)ko abenduaren 1(a), astelehena

Hezkidetza lantzeko ipuinak

Gaur egun ipuin ugari daude hezkidetza lantzeko. Hemen  ipuin horien artean hautatutako bat uzten dizuet, Eta handia egiten naizenean zer? Ipuina entzuteko esteka uzten dizuet. 

https://www.youtube.com/watch?v=Ooo1-Po9IzA


http://zubiakeraikitzen.blogspot.com.es/2010/04/audioipuina-eta-handia-egiten-naizenean.html



Elisabet Abeyá idatzitako liburu honetan, lanbide desberdinak agertzen dira. Gezurra iruditu arren, oraindik ere generoaren arabera bereizita dauden lanbideak aurki ditzakegu. Hori dela eta, ipuin honetan estereotipo hori apurtzen saiatzen da, haurrengan genero eta lanbideen arteko lotura desegokia aldatzen.

Gai honen inguruan interesa izatekotan, ondorengo estekan, hezkidetza lantzen duten euskarazko liburuen zerrenda bat aurkitu dezakezue.

http://www.lekeitio.com/es-ES/Ayuntamiento/Documents/GIDA%20OSOA.pdf



2014(e)ko azaroaren 24(a), astelehena

Hezkidetza ipuinetan


Ipuinek, heziketarako baliabide ezin hobea eskaintzen digute. Ipuinen bidez, umeen mundu sinbolikoa osatzen joaten da eta beraien irudimena eta errealitatearen hurbilketa lantzen dute.

Umeen literaturaren bidez, jendarteak bere burua nola ikusten duen jakin ahal dugu, nagusiek umeentzako zer nolako mundua nahi duten islatzen baita. Zentzu honetan gaur egungo ipuinetan umeei zuzenean egokitzen zaizkien arazoak agertzen badira ere (gurasoen banaketak, adopzioak, sexu bereko gurasoak…) oraindik, idazten diren ipuin askotan estereotipo eta rol tradizionalak agertzen dira. Errepikatzen diren eredu sexista horietan erreparatu ezean, umeei mundua ulertzeko bidezkoa ez den modu bat bidaliko diegu, umeek jolasten kopiatzen dituzten paperak, ematen dituzten erantzunak edo mundua ulertzeko sortzen dituzten azalpen asko ipuinetatik hartzen baitituzte.

Ipuinek, neska-mutilei paper sexualen transmisiorako funtzioa ere arrakasta handiz betetzen dute. Sexu bakoitzarentzat rol, gaitasun eta portaera batzuk markatuko dituzte. Ipuinetan, mutilak aktiboak, azkarrak, trebeak eta dinamikoak izango dira, neskak berriz, pasiboak, garbiak, ederrak, atseginak eta lasaiak. Ipuinetan agertzen diren emakume eta gizonen irudi estereotipatuak neskentzako eta mutilentzako ereduak markatzen dituzte, simetria adierazteko sexu bati markatzen zaizkion ezaugarriak besteari kentzen zaizkio.


                                           

http://www.leanoticias.com/2014/03/04/adios-hombres-las-princesas-de-disney-se-cansaron-video-tienes-que-verlo/


     http://laesenciadedisney.mforos.com/1888434/10520686-disney-princes-principes-disney/?pag=13



http://album.enfemenino.com/album/see_636641_10/Arte-de-Disney.html


Hau guztia dela eta, ipuinek euskarri hezitzaile bezala duten garrantzia azpimarratu nahi dut. Ipuinak ez dira neutroak inondik inora, mezuetan, pertsonaietan edota irudi bakoitzaren barruan, munduaren interpretazioa zabaltzen ari dira. Jendarte bidezkoago nahi badugu, gure txikitxoek irakurtzen dutena aztertzea premiazkoa da.


2014(e)ko azaroaren 17(a), astelehena

Ongi etorri!


Ongi etorriak nire Blog-era. Haur Hezkuntzako 2. mailako ikasle bat naiz eta blog honetan Ipuinen mundua esploratzeko tarte bat zabaldu nahi dut.

0-6 urte bitarteko adina, bizitzako urte oso garrantzitsuak direla badakigu. Batetik, haurraren garapeneko etaparik sentikorrena da, hau da, haurrak oso sentikorrak dira kanpoko eraginekiko eta testuinguruekiko. Eta bestetik, momenturik emankorrena da, etapa honetan finkatzen direlako geroko garapenaren oinarri guztiak.

Ipuinak, haurrek kontzeptuak bereizten eta baloreak eta jokaerak barneratzen hasten diren momentu honetan, erabiltzeko tresna paregabea da. Istorioek helburu hezitzaile bat daukate eta ondorioz, haurrei baloreak ere transmititzen diete. Gainera, haurrak heztea nahiko zaila da, berehala aspertzen direlako eta arreta oso erraz galtzen dutelako. Beraz, irakasleok haien interesa pizten dituzten baliabideak bilatu behar ditugu eta ipuinak baliabide aproposak dira horretarako. Ipuin bat kontatzeko ordua, bai ipuina kontatzen duenaren aldetik baita entzuten duenaren aldetik ere, oso une berezia izan behar da; fantasiazko eraikuntzak sortuko direlako irakurlearen eta entzulearen buruetan eta irudimenak konpartitzeko aukera izango dute eta.


Has gaitezen orduan ipuinen mundu zoragarri hau aztertzen… ba zatoz?